2021eko abenduaren 17an zabaldu zen Kulturaten ‘Lezetxiki, Neandertalen lurraldea’ erakusketa. Gordailuak antolatutako erakusketa da, Arrasateko Udalaren, Arrasate Zientzia Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Erakusketan, ikusgai daude Gordailuko 60 pieza; horien artean, besteak beste, hartzen garezur osoak, makako baten baraila, Neanderthalek egindako harrizko tresnak eta haiek erabilitako maskorrak, horietako batzuk Mediterraneokoak.
Orain, erakusketaren arrakasta medio, bisita gidatuak, hitzaldi ezberdinak eta erakustaldiak antolatu dira herritarrentzako.
Bisita gidatuei dagokienean, guztira 9 hitzordu izango dira aukeran: otsailak 10 (euskara) 17 (gaztelera) eta 24 (euskara); Martxoak 3 (euskara) 10 (gaztelera) 17 (euskara) 24 (gaztelera) eta 31 (euskara); eta apirilak 7 (gaztelera.) Bisita guztiak 18:30ean izango dira eta gehienez 20 pertsonakoak izango dira.
3 hitzaldi ere antolatu dira, guztiak Kulturateko Areto Nagusian:
- Otsailak 21, 19:00etan, Maria Martinon CENIEHko zuzendaria.
- Martxoak 23, 19:00etan, Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko kidea.
- Apirilak 5, 19:00etan, Alvaro Arrizabalaga EHUko katedraduna.
Otsailaren 12an eta martxoaren 26an, historiaurreko hainbat lanen erakustaldia eta tailerra izango da, Jose Julian Márquez-en eskutik. Bi hitzorduak 11:30ean izango dira Zaldibar frontoian
Ekintza guztiak doanekoak dira baina aurrez izena eman behar da udal webgunean. Jada zabalik dago aukera.
Erakusketa apirilaren 9a bitarte egongo da ikusgai.
Neandertalak Euskal HerrianNeandertalak 100.000 urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Euskal Herrian, eta era guztietako klimak ezagutu zituzten, bai gaur egungoen antzekoak (epelak eta hezeak), eta bai askoz estadialagoak (hotzak eta lehorrak). Horren ondorioz, haitzuloak ez ezik (Lezetxiki, esaterako), harpe harritsuak (Axlor) eta aire zabaleko kanpalekuak (Mugarduia iparraldea) ere erabili zituzten. Lehenengoek askoz informazio gehiago ematen digute neandertalei buruz, batetik, harpeetan eta kanpamentuetan aztarna arkeologikoak okerrago kontserbatzen direlako eta, bestetik, horietan zailagoa delako era horretako aztarnak aurkitzea.
Gainera, Kantauriar isurialdeko altitude baxuko tokiak erabiltzeaz gain, mediterranear isurialdean ere ibili ziren, besteak beste, Urbasan (900 m) eta Trebiñun (700-800 m), silex azaleratzeak ustiatzeko. Toki horietako batzuk silex tailerrak izan ziren (Murba).